XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iruñeako Taldea, Ramón Torre eta Rafael Castro
Euskal musika berria, iraileko irratsaiotan.

Euskal musikari berri edo gazteen obrak entzunaraziko ditu Radio Nacional delakoaren bigarren kateak datorren irailean.

Irratsaio hauek Compositores actuales izenpean kate horrek eraturiko programa bereziaren barne izango dira.

Irailaren 4ean, Iruñeako Taldea osatzen duten musikagileen obrak entzungo dira.

Irratsaio hontan, Rosalina Caballin-ek Piano Variaciones aurkeztuko du.

Izen hori oraintsu argitaratua izan den koaderno bati eman zaio.

Bertan, Jaime Berrade, Patxi Larrañaga, Teresa Catalán, Vicent Egea eta Luis Pastor-en piezak azaltzen dira, bakoitzak bina idatzi ditularik koaderno hontarako.

Ez da Euskal Herrian musika askorik argitaratzen, azken urte hauetan.

Are gutxiago, talde batek taxuturiko libururik.

Musika arloan behintzat kolektiboak sortu eta kolektibo bezala argitara emateko ohiturarik ez dela aitortu behar da.

Programa guzti hauek arratsaldeko lauretatik bostak bitartean izango dira antenan.

Berriz azalduko da Iruñeako Talde hau RNe-2an irailaren 11an.

Oraingoan bere kamarazko musikarekin.

Grupo de Cámara de Pamplona Quinteto Donosti eta Cuarteto Arriaga izango dira aurreko zerrenda hartan aipatutako musikarien obren interpreteak.

Irailaren 18an, bilbotar musikagile bi: Ramón Torre Lledó eta Rafael Castro.

Torre Lledóren Bi Kanta, Tríptico eta Cuarteto de cuerda joko ditu Música Nueva Jesús Aranbarri delako taldeak.

Sokarako laukote hori joan den maiatzean Errenderian ospatutako Musikasten aurkeztu zen, eta txalo eta kritikarik beroenak izan zitun.

Interprete berberak eskainiko du Rafael Castro-ren Sonata para violoncello y piano, hau ere igaran Musikasten entzuna eta Torreren aipatutako obra hark bezala gorengo kritikak izan zituena.

Berriz azalduko dira euskal musikariak irrati horren programaziora.

Urriaren 6an, Fermin Barnetxea pianistak M. Balboa, Remacha, Prokofiev eta Iruñeako Taldearen obrak eskainiko ditu.

Teresa Catalan, Iruiñeako Taldeakoa.

DEIA Bilbo.